Iragan egunean, Baionako zeru putzu urdinari begira nengoen, eta bertan ikusi nuen hegazkin baten kondentsazio hatza, galdera marka formako marrazki bat egiten: pilotuak ez ote zekien nora jo? Piloturik ba ote zen hegazkin horretan? Galderak nituen, eta COVID-19 pandemiaren episodioaz geroztik biderkatu diren konplotisten teoria batez gogoratu nintzen: marra kimiko horien bidez munduko botere faktikoek jendaldeak esterilizatzen eta pozoitzen omen dituzte. Gure artean ere badira sineste hau partekatzen dutenak.
Muturretara jo gabe, zientifikoen ahotik hodeiak berak kargatuak direla ikasten da, hots, industria kimikoak hain ongi ekoizten dakien molekulak erortzen zaizkigula buru gainetara euririk urriena egiten duenean. Uda partean, Puy-de-Dome eskualdean eginiko ikerketa batek erakutsi du kumuluetan hogeita hamabi osagai kimiko baino gehiago aurkitu direla, osagarriarentzat eta ingurumenarentzat lanjerosak diren kontzentrazioetan. Onartu behar dugu, ondorioz, amen sabeleko likido amniotikotik atmosferako hodei multzoetara den-dena kutsatu dugula...