Parisen eman zen Hernani tituluarekiko antzerki bat 1830eko otsailaren 25ean. Victor Hugo zen egilea eta drama kostunbrista horrek Hernaniko bataila izenarekin ezagutua den erromantikoen eta klasiko zaleen arteko borroka piztu zuen. Victor Hugok asko maitatu zuen Euskal Herria hona etorri zen bi aldietan: 1811n lehen aldiz eta bigarrenez 1843 urtean. Artean plazaratu zuen Hernani pieza ezaguna. Werner Herzogek duela gutxi bezala, poeta eta kontrabandista herrialde gisa aurkeztu zuen gure eskualdea.
Ez dakit Victor Hugok baino gehiago ez ote dudan maite Hernaniko herria, dramarik gabe bistan dena. Autoa behereko aparkalekuan uzten dut, igogailua hartu eta Andre Kalearen puntan aurkitzen naiz Oako txokolatea hurrupatzeko irrikaz. Lagunekin ala bakarrik. Gostu sukratua aho-sabaian edozertarako prest nago gero, olerkiak irakurtzeko, bertsolariak lanean jartzeko, institutuko ikasleekin haikuak jorratzeko, adiskideekin bazkariak eta solasaldiak partekatzeko. Eta nire gaurko galdera existentziala egiteko: Euskal Herriaren eredu eskuzabala balitz Hernani bere itzal-argiekin?