Itxaro Borda

Hitanoaz

2026ko urriaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez, ez naiz, ene japonofiliaren ildotik, Tokioko zerbaitez ari, are gutxiago Takeshi Kitano (1947) hango aktore eta film egile famatuaz. Aste honetan ikusi dut hitanoa ikasteko klaseak antolatzen direla, han hemen, Euskal Herrian barna. Urrian, Eibarren bi larunbatetan, Ritxi Lizartzak kurtsoak emango ditu euskara kolokial eta hurbilago baterako urratsak jendartean urratze arren.

Gogoan dut duela gutxi arte hika ari zirenak petzero gisa kontsideratzen zirela, denek zuka aritu behar genuen edo xuka, Garazi aldean onartua zen bezala. Hika ari ginenak buhame-ondoak baizik ez ginen, amikuztar petoak, Leizarraga beskoiztarraren adarrekoak Jainkoarekin ere toka mintzo ginenak.

Azken hamarkada hauetan ohartzen gara euskara funtzionalaren aitzakian maila kalakaria desagertu dela eta hiztunek linguistika aplikatuaz hitz egin badezakete, ez direla hain aise ari bezperan larrua nola jo duten lagunei azaltzeko orduan… gaurkoan, hitanoa berriz deskubritzen da euskaradunen arteko komunikazio zuzena eta konplexurik gabea sustatzeko, hori ariketa konplexua izanagatik!

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA