Onintza Enbeita.
BIRA

Hizkuntza

2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Gaur bezalako egun batez iritsi omen zen Kolon orain Amerika izenarekin ezagutzen dugun lurralde urrunera. Ez zen bakarrik joan, jakina. Eskolan irakatsi ziguten hiru ontzitan partitu zirela espedizioko gizonak, eta pentsatzekoa da Kolon bera bakarrean joango zela. Mendeetan iraun zuen Amerikaren ustiapenak eta bertakoen kontrako genozidioak. Hango urrea eta zilarra erabili ziren Espainiako koroaren eta haren aliatu katolikoen gerrak eta gehiegikeriak ordaintzeko.

Eskolan deskubrimenduaz hitz egin ziguten, eta oraindik ere batzuek hala kontatzen omen dute. Gauza on baten moduan saldu ziguten konkista hura, eta neba-arreben arteko haserretzat 1936an faxistek emandako estatu kolpea. Bistan da kasu batean zein bestean ez zirela azpiratuak izan historia idatzi zutenak; lan hori azpiratzaileek egin zuten. Eta gauzak haien erara kontatzearen kontatzeaz ia sinetsi egin genituen, eta hala egin ez genuen kasuetan kosta egin zaigu hizkuntza aldatzea.

Mahai jokoetan agertu izan da galdera sarritan: zein urtetan deskubritu zuen Kolonek Amerika? Barruraino sartuta ditugun hitzak dira deskubrimendua, gerra zibila, birkonkista, indioak... Ez dakit nahita edo nahi gabe, baina aldiro ihes egiten duten berbak dira, bost menderen ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.