Koldo Almandozek kudeatu lau ataletako serie bat iragartzen denean zoramena da Euskal Herrian, Katalunian, azaroaren 10etik aitzina, Crims sailaren episodio berriak hitzematen dituztenean bezala! Ahoak zabalik gelditzen gara, hondar eta zeru, Ondarroako portuaren ondotik, Bilbo haluzinatu eta linchyar bat erakusten diguten irudien aitzinean: Aitor Etxebarriak sortu hasierako generikoak, gitarra joaldi bakoitzean, Twin Peaksera eramaten gaitu. Eta nahitara galtzen gara Almandozek, argiz, soinuz eta hitzez, eraikitzen duen munduan... behin eta berriz.
Pantailan agertzen diren aktoreekin handitu gara. Ezinbestekoak dira denak euskal zinemagintzan. Gogoan atxiki behar dugu, guztiz gehienek, gure errealitatea fikzionatzeko tresna egokiena izan zen Goenkale erraldoian ikasi zutela ofizioa. Maria Luisa Galardiren umezurtzok Zeru ahoetan aurkitzen dugu azken sosegua, euskaraz biziko den etorkizun kolektibo batean sinesteko kemena hots. Ez al dugu horrelako telesail gehiagorik merezi?
Mosen Bernatek ere iaquin balu...