2027ko urtarrilaren 10a arte iraunen duen erakusketa aberatsa eskaintzen du Baionako Euskal Museoak. Euskaldunonganako europar ikusmolde orokorra leundu, garbitu, intelektualizatu, humanizatu zuen Wilhem von Humboldt (1767-1835) linguista eta filosofo alemana ohoratzen da: mamuak ginen eta mamur gai egin gintuen.
Madrilera zihoala pasatu zen Euskal Herritik, 1799 aldean, eta bihozkada sakon bat ukan zuen lurraldearekiko, hizkuntzarekiko, mugaz bi aldeetako biztanleekiko. Herriaren eta hizkuntzaren arteko lotura intimoaz aritu zen lehen pentsalarietatik bat izan zen. Die Vasken liburua hil ondoan plazaratu zioten eta frantsesera itzuli berria da, oraindik publikatu gabea baldin bada ere!
Jose Azurmendik zuen Humboldten «maitasun eta errespetu monumentu» baten gisa aurkeztu. Lur honek aztoratu zuen Humboldt prusiar psikomalgorra, zuberotarrak italiarrei konparatu zituen, giroak eta lanak amultsutasun handiz goraipatuz. Ez dakit berea bezain begirada maitekorrik jaso duen sekula gure herriak... Esker ona bezalako zerbait nabaritzen dugu museoko geletan barna galtzen garenean!