Bagara batzuk hemen gaindi, Islandiaz, hango geiser eta fiordoez bezain Björken kantagintzaz maiteminduak… baina nahiko genuke Islandia Europar Komunitateko hogeita zortzigarren partaidea bilakatzea? Erantzuna islandiarrek berek eman dute gehiengo labur batez: Europako Batasunaren baitako integraziorik ez dute desiratzen.
Badirudi arrantzaleak eta herriko kontserbadoreak mobilizatu direla ezezkoaren alde. Eta diotenez, kide izan gabe ere, Suitzaren eta Norvegiaren pare, abantaila ekonomiko guziez gozatzen dute —beharbada kideek baino haboro?—. Egia da, halaber, aspaldian Europako Batasunean sartuak diren estatu batzuetako politikariek eta herritarrek jada kanpainak eramaten dituztela Europatik ilkitzeko. Europa ez da erakargarria, bere joera klasista bekaitzekin, atzeraka doazen erabaki ekologikoekin, eskualde askotan bermatzen diren eta faxismoa darien buruzagiekin… Zerrenda luza genezake!
Gure aita zenak, arraileria handiko gizon larderiatsuak, erraten zuen hobe zela edozein egoeratan «akort eta apart» egotea: islandiarrek zuhurtzia bide hori hautatu dute iragan asteburuan!