Azken putarrak ditu Macronek boterean. Kanpainan dabiltzan ezkerreko alderdi batzuen programetan ultra-aberatsak gehiago inposatzea aipatzen da. Eliseora heldu zenean, duela hamar urte, fortuna handien gaineko zerga ezeztatzea izan zen bere lehen zeregina, ez zena batere ekimen sinbolikoa. Ondasun publikoa bere alde bideratuz garatu den oligarkia berria salatzeko altxatu dira 110 frantses pentsalari, muturreko aberastasun hori dela gure garaiko gertakari sozial nagusiena azpimarratuz.
Anartean presidentea bere bilana defendatzen dabil atzerriko zenbait enpresa-bururen aitzinean: ez omen da herrialdea maldan behera irudikatu behar, bada oraino zer egin, halabeharrik ez dagoela alabaina. Kontrarioa diotenak eta ahoak eman ahala zerga berriak okituentzat proposatzen dituztenak batzuen lorpen ekonomikoez jeloskor dira. Aberastasunaren kontrako gorroto diskurtsoak baizik ez dituzte hedatzen eta gehiago dena, «Frantziaren fabrikatzea» trabatzen dute, etorkizuna larriki baldintzatuz.
Oroitaraziko al diogu jeloskeria eta justizia ez direla gauza bera?