Hasia da presidente bilakatzeko lehia Frantzian. Lasai, irakurle, ni ez nago 37 hautagaien artean, eta ez bakarrik frantses baino euskaldunagoa sentitzen naizelako! Segur da kandidatu gehiago agertuko dela, baina ez da errana denek plaza erdietsiko dutenik, bostehun hautetsiren sinadurak behar dituztelako oraino eta dirua kanpainak finantzatzeko, %5eko langa pasatuz gero estatuak gastuak ordainduko dizkieten bitartean: ai ama, gure zergen dirua eskuin muturreko alderdien sakeletan! Hauteskundeak demokraziaren erritualaren parte dira, demokraziak indarrean irauten dueino bederen.
Hautagaiek garai hauetan bozkatzaileen kezkei hurbiltzen saiatzen direla erakutsi nahi dute: erosteko ahala, immigrazioa, (gazteen eta behe-maila sozialeko) biolentzia, erretretak, alokairuak... baina ahanzten dute jendeak funtsean arranguratzen duen aldaketa klimatikoaren eta horri egokitzeko premia gorriaren gaia: errealitatea ukatzen eta isiltzen ez baldin badute, berri eta iritzi faltsuak hedatzen dituzte, herritar arruntak ekologiaz axolatzen direnen diskurtsoetatik urruntzeko, statu quo delakoaren alde dabiltzan lobbyen faboretan.