Iragan astean, Mauleko horma batean, grafiti xeno-, homo- eta transfoboak tindatu dituzte. Frantzia frantsesentzat eta hoa lanera ezkertiar! lemak agertu dira, frantses bandera hirukoloredunaz hornituak. Iparraldeko antifaxista taldeak ditu argazkiak hartu eta laidoen berri eman dute. Loulou Labadot auzapezak egiteko molde iraingarri hau salatu du goraki, eskuin-muturra boterera bultzatzen duen uhinaren baitan batzuek gero eta libreago sentitzen direla erantsiz...
Aurpegia agerian ari da aldiz Elon Musk, irudi pedopornografikoak eta ebazpen negazionistak zabaltzen dituen Grok AAren bidez, X bere sare sozialean gertaturiko abusu zenbait ikertzen dabiltzan Parisko epaileak laidoztatzen, inpunitate osoan gainera: «txokolatezko euroa bezain faltsuak dira eta tutu fluo koloreko flamenkoak bezain pederastak». Musken azalpenen haritik, munduko aberatsenen hitz egiteko moduaren finezia apreziatzen ahal dugu! Baina Mauleko zoko mutxituetan eta Silikon haranean, ohartzen gara laidorik mingarrienak beti genero-disidentzia alorretan oinarritzen direla. FCKU...