Eskualde honetako lizeoetako gazteak halaber, mugimenduan dabiltza beren ikasketen baldintzak salatzeko: irakasle eskasia, geletako ikasle kopurua, egoitzen egoera kaxkarra... karrikak hantzen dituzte kartoietan eta eskuz marraztu esloganak airean, bihurriak baldin badirudite ere, megafoniarik eta biolentziarik gabe. Zibilez jantzi poliziek hurbiletik hertsatzen dituzte hargatik, gas negargileak hedatuz eta berri paperetan, eskuinera bozkatzen duten boomer-ak lasaitzeko moduan, hainbat mila kide atxilotu dituztela espantu eginez.
Gazte ehizatu horietatik bat gurutzatu dut pasa den ostiralean udaletxeko autobus geltokian, begiak gorri, hatsanka, «hitz egin nahi dugu eta gasatzen gaituzte» zioen bere kartoia besapean... Demokrazian sinesten duten nerabeek zer pentsatuko dute beren lehen ateraldi publikoaz? Estatuak beraien gurasoen belaunaldiak indarrez dominatu zituen eta haur hotz hauekin berdin egin nahi du, ez dezaten gehiago kolektiboki manifestatzeko gogorik ukan. Alta, lehen aldien adinean diren gazteek dituzte gaurko itsukeria politiko bekaitzaren ondorioak bete-betean jasango...