Zabaldu da berria, izparringi honen orrialdeetan bertan, hondarrean, Beskoitzen brand new ikastola bat eraikiko dela udalaren eta Seaskaren arteko lankidetzan. Herria inarrosi zuten milaka eztabaiden ildotik dator albistea eta Beskoitze Hegia baserrian erroak dituen idazle honen bihotza berotzen du, eiki eta baiki. Leizarragaren ondorengo berrogeita hamar bat haurrek, halatan, hatsa euskaraz hartzen ahalko dute baldintza askoz hobeagoetan: çoazte bada eta iracats itzaçue gende guciac... gaurkoturiko grafia batean ikasiko dute bistan dena!
Ikastolak eta irakaskuntza sareetako eskola elebidunak aipatzen direnean, bat-batean, euskararen historiaren sakontasun uherrean galtzeko arriskuan gaude. Jainkoei —horrelakorik baldin bada— hika mintzatzeko gogo itzela pizten zaigu, Leizarraga protestantearen moduan gure aita ceruëtan aicena, santifica bedi hire Icena marmaratuz. Eta Testamendu trinkoaren orrialdeetatik ihes, Odei Barrosorekin batera, Maubec karrikan behera Wallyren bila abiatuko gara, mendeak tolestuz, halako batasun kultural hunkigarri baten oihala irunez, negar agonikoak xukatzeko.
Biba Beskoitze!