Aita santua Parisen eta Lourdesen egon da. Eliza katolikoaren buruzagia rock munduko izar baten antzera ikusi dugu han eta hemen bere fan miriadez inguratua. Gizonaren begirada umilaz ohartu gara, pontifex maximoaren ibilera urriaz, jendearen minaren muinerako xenda urratzeko bezala. Bere baitara bildua agertzen da irriño bat ezpainetan.
Elizaren ospea iluntzen baino gehiago duen biolentzia sexualen gai doloretsuaz mintzatu da Lourdesen, ahoan bilorik gabe, haurtzaroan erasoak jasan dituzten zenbait biktima errezibituz. Historian zehar, haatik, eliza eta estatua askotan bat etorri dira arazo horiek tapizaren azpira aurtikitzeko: egun hauetan preseski, haurren eta emakumeen kontrako biolentzia sexisten kontrako legedia integralaren indarra —eta dagozkion dirutzak— mendratzeko gisa artikuluak mugatzen eta bereiz aurkezten ari dira gure diputatuak.
Leon izeneko pertsona hurbil bakarra ene anaia txikia dela sinestera heldua naiz, bai eta bistan dena, uda oroz, Baionako udaletxeko balkoiaren maldatik haurrek, oihuka eta orroaz, iratzar arazten duten Leon munaka erraldoia.