Iragan asteazkenean, mugaz haraindian, etxebizitza eskubidearen alde manifestatu dira gure irakurleak. Arazo handia da bistan dena euskal herri hauetako gazteentzat, baita egoitza baten jabe ez diren adinekoentzat ere, erretreta sari jada motzaren herena alokairuak irensten duenean.
Kanadatik datorkigun berri batek nik hain maite dudan Dostoievskiren nobela batera eraman nau, Lurpeko koadernoak (1864) izeneko lanaren orrialdeetara preseski: Petersburgoko funtzionario erretiratu bat lur azpiko soto batean bizi da, bakartua, izen gabea eta funtsean gaiztoa, eta bertatik, bere eguneroko garratza kontatzen du. Sufritzea gustatzen zaio, hortzetatik soilik izanagatik. Dostoievskirentzat, testu horretan, argiki, kontzientzia zorigaitz larria da. Pesimismo abisaletara bulkatzen gaitu errusiar maisuak.
Montrealeko etxeetan hotzetik isolatzeko sotoak milaka badira eta etxebizitzen krisiarekin, askotan leihorik ez duten tunel kirats horiek alokatzen dituztenak ugariak dira, eta ez bakarrik diruz justu dabiltzanak!
Ezin-biziak satorrak bezala bizitzera behartzen gaitu!