Itxaro Borda

Maiatz beteko

2026ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nork ez du maite maiatza, pastel koloreko bere zeru, lur eta txori txio airosekin? Haize hotz arin batek ikaraz jartzen gaitu eta ainarak hor dira ezkaratzen aizolbeetan, abartxoz abartxo borobiltzen dituzten habietako ume gosetuak hazten. 1871ko Parisko Commune delakoaren garai izugarrian, Eugene Pottier mitikoak sortu kantua ere dabilkigu buru-zokoan, karrika odoltsuen irudiak, Aita Lachaise hilerriko exekuzioak eta Louise Michelen eleak orrialde horituekiko liburuetan bilduak, zozoak trufari eta Maiatz aldizkariaren sorrera 1981 urtean...

Bihotz txikiak banbaka nabaritzen diren hilabetea da maiatza. Bidaia planak egiten ditugu, itsas ertzetan selfiak ateratzen eta eskualdeko bultzietan urtzen gara, norabide zehatzik gabe, Lauaxetaren olerkiak irakurriz. Ibilaldi geldoak dira maiatzekoak, hurbilekoak, isilak eta bizitza osoko maiatz guzien oroimenez hantuak. Lantzurda eztiak troxatzen ditu bazterrak eta badakigu igandean zortzi, Senpereko lakuaren inguruan, euskarak sor ditzakeen besta apoteosiko horietarik batean aurkituko garela!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA