Afganistango ekialdeko partean, Jalalabad hiri nagusiaren inguruetan, Mazar Daran, milaka jenderen biziak hartu dituen lur ikara indartsu bat izan da iragan agorril bukaeran. Trumpen eta Bayrouren ziminokeria politikoen artean, ez du berri horrek mereziko zuen oihartzunik ukan. Talibanek gobernatzen duten herrialde horretan, xaria zorrotzaren arabera, emazteak etxeetara kondenatu dituzte. Seismoaren ondotik, lege horren izenean, gizonak eta emazteak bereizi dira, artamendurik gabe gelditzen direla emakumeak eta haurrak: egiazko tragedia...
Erlijioa lehenesten denean, sokorriak eta mediku zaintzak ematen dira generoaren banaketa errespetatuz, jakinik gainera USAID nazioarteko laguntza ere ukatu zaiela Trumpen erabakiz. Egoera larria dela ezin uka. Talibanen silogismoari jarraikiz, mediku femeninoak baizik ez dira emazteez eta haurrez axolatzen ahal, emazteak kendu dituzte ospitale eta arreta zentroetatik; beraz, inor ez dago Afganistango jendaldearen erdiaz arduratzeko. Ginezidio bat ari da gure begien aitzinean gertatzen.