Ekialde Hurbileko egoera uhertu ondoren, Trumpek datozen hilabeteetarako duen egitaraua plazaratu du hego amerikar kontinenteko autokraten goren mailako bilkuraren karietara: irri zakar eta mendekaria zekarren ezpainetan, inplizituki munduko edozein herrialde bere erasoen jomugan dagoela iradoki nahiko balu bezala. Pedro Sanchezen Espainia demagun, errege bilo horiaren desirak konplitu gogo ez dituelako aitzakia soilarekin…
Iragartzen duen askatze egikeren hurrengo urratsean Kuba klikatuko du ahamen bakarrean. Venezuelako petroliorik gabe malgortzen eta gosez hamikatzen doa uhartea, herritarrek ez dutela ulertzen zergatik jasan behar duten hainbeste oinaze, inori minik egin ez diotelarik. Baina Washingtonek ez ditu ahantzi kasinoen eta Cochinos badiako aferak eta sustut 1959ko afruntua. Isla konkistatzeko hor daukate, gainera, hain memoria txarreko Guantanamoko base militarra.
Ingurugiro berri honetan, azken finean, nehork ez du lasai bizi behar, mugimenduan eta ezegonkortasun totalitario olde batean noraez baizik… hori da hori egungo irakaspena!