Itxaro Borda

Nobel ankerra

2025eko uztailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela zenbait egun Netanyahu, alias Bibi, Washingtonen izan da Trumpekin Gazako zerrendan bere bake eredua inposatzeko bideaz solastatzeko. Ferietako iruzurgile tratulant trukulant —Tartasek aise erabiliko zituen hitz hauek!— pare baten antzera azaldu dira mundu osoko telebista pantailetan, txiste eta begi keinu lizun artean. Ukan duten azkeneko ideia: Zisjordanian hiri bat zedarritzea, Gazako biztanleak oro bertan biltzeko eta Gazan eragin duten sarraskiaren hatzak behin betiko ezabatzeko.

Bilkura bukatzean, xanpainaren orduan, Bibik Donaldi belarri zulora salatu dio Suediako Nobel saria erabakitzen eta banatzen duen bulegoari Trumpen kandidatura sustatzeko gutun bat bidali diola. Gutunaren kopia pergaminatua eman dio eskutik eskura. Aldi berean, Trump eskertu du Israelen oraina eta etorkizuna segurtatzeko egiten ari den guziagatik. Itxurak ikustean, bikotea, Putin gabe, hanka-motz gelditzen dela pentsa lezake baten batek. Agian, azpijoko ikusezin eta anitzen ondorioz, datorren azaroan, hiruek aurtengo Bakearen Nobel saria partekatzen ahalko luketela begitandu zait niri, egoera geopolitikoa hain ankerra ez balitz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.