Maiatzaren leheneko asteburu luzeak pentsakor utzi nau. Langileen ohizko manifestaldiak jende arruntak autoz ibiltzetik trabatu zituela entzun da bazterretan. Lore denda jabeak kexu ziren karrika izkinetan ezkont-lili edo muget saltzaileen konkurrentziagatik. Baina okinen buruzagiaren adierazpenek oihartzun galanta ukan dute —nonbaitik ere!— Frantziako media handietan: okindegiak maiatzaren lehenean itxiak izatea aberrazio hutsa zaio... Deitoratu du, halaber, hamabi milioi herritar ogirik gabe gelditzen direla egun horretan. Jendeak ez omen du ogia bezperan erosten ahal. Zein erraz erakusten diren hiritarrak, sindikatuen, estatuaren eta ezkertiar woke kutsuko ideologoen biktima gisa, legeak noizbait aldatze aldera!
Karia horretara, senatuan proposamen bat egin dute, okindegiak, lore dendak eta premiazkoak diren gainerako kontsumo guneak irekitzeko maiatzaren lehenean. CGTko Sophie Binetek niet argi bat eman die, baina bere bidea egiten du, zarata apalean, maiatzeko jai-egun horietarik gehienak ezeztatzeko xedeak. Zortearen ironiaz, lan mundutik urrun diren herritar berak dira irekitze horien guzien alde altxatzen!