Ipar eta hego, herrialde kirolaria garela ezin uka. Igandeetan bideak txirrindulariz eta korrikalariz emokatzen dira, auto gidariak nardatzeraino. Tutaka entzuten dira, eta udaran, kotxeko leihoak behera direnean, errabiaz laidoka. Kirola telebistan ere ikusteko aukera dugu, pilota, herri kirolak edota, gaur bezala, estropadak Donostiako badiatik zuzenean. Egun, Gipuzkoako hiri nagusiko karrikak traineru saldo bakoitzaren kolorez beteko dira, Urdaibaiko urdin-ilunak, Arraun Lagunak elkarteko bluak, Hondarribiko berdeak eta, bistan dena, Orioko horiak.
Traineruen artean mikro-segundoak neurtzen dira, Kontxako haizeak, uhin sakonak eta korronte nahasiak sartzen direlako lehiaketa biziak baldintzatzeko. Miretsi ditugu, behiala, itsaso zakarrarekin borrokatzen ziren neskak eta mutilak, ikusgarriki, uraren gainean, oreka zaurgarrian zalantzati bezala. Igande honetan, oriotarren eta gainerakoen epikak segituko du eta nik, nire asteburuko korrikaldia eginen dut Errobi hegitik, Orioko nesken kamiseta soinean.