Itxaro Borda

Oturuntza

2026ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri dukezue, nik bezala, Texasko A&M unibertsitateko filosofiako irakasle bat behartu dutela, wokegi omen den Platonen Oturuntza elkarrizketa bere urteko irakaskuntza programatik kentzera. Ematen du trumpismoa bizitza intelektual eta intimoaren zirrikitu guzietara isurtzen ari dela, dena debeku eta anatema. Maitasuna jorratzen duen duela bi mila eta laurehun urteko Sokratesen solasaldia eskandalagarriegia bide da munduan barna hedatzen ari den eskuin berria deituriko ideologiaren zaleentzat: bazkari animal baten karietara, gonbidatuak, denak gizonezkoak alabaina, laxatzen dira, besteak beste, androginoez eta homosexualitateaz hitz egiterakoan. Egia erran, berdin laxatzen ziren Etxepare aldudar medikuaren pertsonaiak Amodioaz izeneko ipuin zoragarrian, Miarritzeko hotel polit hartako mahaiaren inguruan.

Zigea edanez hiltzera kondenatu zuten Atenasko izpiritu-erditzailea, bere predikuek gazteria andeatzen zutelako aitzakian. Texasen bizi balitz gaur egun, segur da Sokrates Immigrazio Poliziaren jomugan litekeela, briu-brau kanporatua izateko!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA