Atzoko zutabearen harira, azpimarratuko dut nik ere petrolioa premiakoa dela gure bizitzako gauza guzien konposaketan dagoen molekula plastiko bakoitzaren osatzeko. Sekula ez da hain materia erosorik aurkitu eta erabili. Merkeagorik ere ez. Pentsa orduan industria kimikoaren lobbyak zein neurritaraino trabatzen dituen gizakien eguneroko ingurunetik plastikoa kentzeko egiten diren indarrak. Jakina baita plastikoa ez dela on osagarriarentzat, ez dela on naturarentzat eta ez dela on itsasoarentzat, hor, zabor-irla artifizialek zortzigarren kontinentea moldatzen dutela jadanik. Bidenabar, umeak badu amaren sabeletik beretik bere plastiko dosia opari.
Frantses gobernuak 2026ko urtarrila honetan martxan jarri behar zuen plastikozko basoen ekoizteko eta baliatzeko debekua. Ikasten da, epea lau urtez luzatu dutela, plastikozko godaletak ez dituelako oraino deusek ordezkatzen ahal. Aitzakia ona lobbyen bulkada estaltzeko. Sisiforen antzera ekologia ardatz duten hainbat elkarteren kexua hazi du 2023rako gibelatze horrek. Eta ulertzen ditugu, bistan dena...