Itxaro Borda

Poetika bat

2026ko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badakit, ez da polit norberak bere burua gorestea edo antolatzen laguntzen duen ekitaldiez mintzatzea. Horrela hezi gintuzten behintzat, bizitzen dugun hoberena isiltzera eta, ahalke naturalez bezala, buruak apal aitzinatzera. Bazter-urrats bat eginen dut goiz honetan, Itsasun Euskaltzaindiak irekitzen duen Irailekoak izeneko festibal poetikoa zutabe honetara ekarriz.

Hitza eta musika uztartzen ditu, eguzkiak argitzen eta berotzen duen egitarauak. Bi egunez Itsasuko herria itoko du olerkiak eta herritarra gonbidatua da itsaso horretan bainatzera. Irakurleak erranen dit Itsasun ez dela itsasorik, baina hemen ere, aski da bokale bat aldatzea, mundua aldatzeko. Poesia aipatzen dudanean etxe-alde ari naiz beti, sekula ez etxe-kalte, humanitatearen iraupenaren bermea elea delako, gutariko bakoitzaren errealitatea azaltzeko bat-batean bihotzera jaukitzen zaigun bakarra.

Sinestezina badirudi ere, publikatu ala ez, neurri batean, denak poetak gara, errotik eta erotik. Hala ez balitz, bizitzea zailegia eta agian jasanezina litekeela uste dut. Bego erranik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA