Alderdi Quebectarrak irabazi ditu hauteskundeak. 1980 eta 1995ekoen ondotik, hirugarren independentzia erreferendum bat eginen dute, baina ez berehalakoan, Trumpen mandatuaren bukaera igurikatuko dutelako giro lasaiago baten esperoan. Paul St-Pierre Plamondon, alias PSPP izanen da bederatzi milioi biztanle dituen Quebeceko lehen ministroa, nahiz eta ez duen gehiengo absoluturik parlamentuan.
PSPPk hitzeman du ingeles monarkia abolitzea Quebec herrialdeari dagokionez. Dirutza kostatzen duen maskarada bat dela salatu du buruzagi berriak. Ekonomia horiekin etxegabeen kopurua apalaraziko duela aipatu du. Frantses kultura lehenetsiko du eskuin muturrarekin frikotatzen duen bere ideologia identitarioaren ildotik. Ottawako botere zentralarekiko harremanak mozteak ez du izutzen eta Kanadaren etorkizuna zalantzan egon daiteke, eta ez bakarrik Trump gosetiak lurraldea bereganatzea aitzin-ikusten duelako!
Duela urtea, Odei Barrosorekin batera, Quebeceko Parlamentuaren bisita eder bat egin genuen, demokrazia herrien duintasunerako lehen urratsa ez ote zen galdezka.