Asteartean jakin genuen Eliane Radigue musikari garaikide miresgarria Parisen hil zela 94 urteetan. Gure mundu mentalaren peza baten leherketa bezalako zerbait gertatu zela iruditzen zait gaur, egun batzuk geroago, orduak Koume albuma hautematen pasatu ondoren: puntu soil batek hautsi soinu linea lau bat, umekiak amaren sabelean entzun bide duenaren antzeko zarata hunkigarria hots!
Ibon RG musikariarekin harremanetan jarri nintzen berehala ene pena partekatzeko. Eta bere Korg markako ezinbesteko sintetizadorearekin ariko garenean, hor gaindi, Usurbileko mediatekaren 50. urteburuaren ospakizunen karietara adibidez, saioa Eliane Radigueren ohorez desplegatzea hitz eman diogu elkarri, Maiteko ditut beti/ Radigue eta Ligeti nire Euskotreneko koplen bukaerako lerroak errepikatuz, besteak beste…
Musika minimalistaren eta espektralaren alorrean Eliane Radigue pionier bat izan da, berak ere, emazte gisa, debeku mutuak gaindituz eta borondate hutsez, Pierre Schaefferrekin bereganatu zituelarik melodia elektroakustikoa sortzeko baliabideak.
Eredu bat, zinez.