Itxaro Borda

Sahatsa lili

2026ko martxoaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoa hasten denean salbu sentitzen naiz. Negua, eder zaidan arren, gogorra suertatzen zait. Baina biziraule arima batek kitzikatzen nau, eguzkiak, haizeek, euriek ere bai, udaberriaren hurbilera iragartzen didatenean. Gustatzen zait, han-hemen, loratzen diren mimosa horailek Baionako bazterrak nola perfumatzen dituzten usnatzea, are gehiago naski, etxe-ondoko Mendigaraiko patarrean lili herabeetan ausart dabiltzan sahatsen kemenaren lekuko izatea!

Maldan gora abiatzen naizenean, zanpa-zanpa, sahatsen lili zuriak abarretatik dilinda ikusten ditut, eta badakit orduan, berriz sortuko naizela, primadera isuriko zaidala zainetan behera, ene urratsek ezagutzen ez ditudan leku sekretuetara eramango nautela oraino ere urte bat gehiagoz, sendia zabala —eta hertsia— ondoan izanen dudala berma-harri antzera, hitzak aurkituko ditudala zurekin partekatzeko eta Vivaldiren Lau urtaroetako lehen mugimendua Eliane Radigue zenaren ARP 2600 makinaren soinuarekin uztartzen jakingo dudala… hori guzia, bere burua errespetatzen dakien aries propio baten gisa: lehenik egin eta gero pentsatu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA