Irudietan ikusi dugu Frantziako presidente izan zen Sarkozy, Carla Bruniren eskutik, bere XVI. arrondizamenduko egoitza uzten, La Santé izeneko paristar kartzela zaharrera joateko. Sustengu-talde batek Marseillesa abesten zuen eta, txalo artean, ahots bakunak altxatzen ziren «Nicolas! Nicolas!» oihuka. Bere abokatuak mailukatu du inozente bat dutela epaile zinikoek preso sartu... Itxurak begiestean, gogoratu naiz, nola eraman zuten hain inozentea zen Pablo Escobar, Medellinen beretzat espresuki eraiki presondegi hartara...
Bederatzi metro karratuko zelda batean egonen da, bakarrik, pribilegio bat frantses kartzela gain-populatuetan. Bost urteko gaztigua eman diote libiar finantzamenduen aferan, gaizkile elkarte baten kidea izatea ere leporatuz. Guzia frogatua da baina Nikolas txikia ukamenean dago eta bere burua Dreyfus kapitainari konparatzeko lotsarik ez du! Epaia zalantzan jartzen duten miliardunen prentsako kazetarien komentario bakoitza zafraldi bat da, Orwellen common decency hari atxikiak garen herritarrontzat!