Ihauteriak dira. Duela zenbait egun, Hazparnen erre da Batzar Nazionaleko buruaren txotxongilo erraldoia, herritarren bozkariozko oihu eta dantza deabrutuen artean. Edonor izan daiteke San Pantzar, izena hemen idatziko ez dudan eta dakizuena barne. Erran behar da Frantzia eta gure herriak gobernatzea pretenditzen duten eskuin muturreko hautagaiek beraiek halako histeria hari bat luzatu dutela epaitegietaraino, ihauterietako ohizko eginkizun horrengatik laidoztatuak sentitu direlako!
Miliardunen telebista pantailetan, irudipenak eta gramatika ez beti xuxenek bultzatu ahala, jende arruntak, emakumeak, homosexualak, immigranteak, ezkerreko alderdiak, sindikatuak edo ekologistak —hauek hartzen dutena!— iraintzen pasatzen dute denbora, gizon zuriaren urguilua, indarrik bortitzena eta aiten larderia ohoratzen dabiltzan bitartean. Eskuin muturrekoak dira eta gainera ez dute umorerik, nahiz eta jendetasuna sarraskitzen darraiten gosturik hoberenean. Eta, gainera, badute halako jenio bizi bat, aldi oroz, biktima gisa beren buruak aurkezteko… Hazparneko afera honetan bezala.