Gazteentzat —eta ez hain gazteentzat—, leku berri bat ireki da Baionan, gogoeta eta egikera herrikoiak lantzeko egundainoko laborategia izan den San Izpiritu auzo honetan. Hamarkada batez itxia egon den Atalante zaharra zabaldu dute gazte sozialistek eta jadanik kartierreko jendeak hurbiltzen zaizkie, solasean higatzera eta tokia begiestera: hunkigarria da Fire walk with me irentsi genuen zinema-gela abandonatua ikustea, denbora pasatu ez balitz bezala! Palestinari buruzko mahai inguruak, poesia irakurketak, Ibantuta eta hemengo musikari garaikideen kontzertuak iragartzen dituzte... eta niri, anartean, iruditu zait Laura Palmerren itzala sumatu dudala izkina batean.
Merkatuaren logikaren kontra klase elkartasuna bulkatzeko eta zapalkuntza guzien aurkako borrokez informatzeko xedea dute, aste honetan bereziki, asteazkenean, aburu-nebulosa handi bat Frantzia blokatzen saiatuko denean. Baina politika politikariaz harago, San Izpiritu kosmopolita hau beti bizirik dela frogatzen dute Atalante zinema ohia okupatzen dutenek!