Irudiak ikusi ditugu. Mundua lehertzen doan bitartean, Trump presidentea Etxe Zuriko ezkerreko hegala suntsitzen ari da, leku horretan dantza gela erraldoi baten egiteko. Duela gutxi, mezu bidez ukan dut Neil Young kantariaren As time explodes izeneko bideoa, zeinetan ageri diren deseraikitze lan horiek Young handiaren gitarra riff haserretuz ilustratuak. Eta Quebeceko Zibilizazioaren Museoan Titanic ontziaren hondatzeari buruzko erakusketa hunkigarri bat ikusi nuen nik: hara uztaia uztartua dela...
Bideoan, makina izugarrien ahoak eta besoak amerikar banderaren ondoan dantzari bezala agertzen zaizkigu, Musk motozerra airean eta tankeak Los Angelesko sarreran metatzen. Biolentzia handia dator itxura horietatik, amerikar lurraren eta edozein jatorriko amerikar jendearen kontrakoa funtsean. Mende bukaera iragarriaren kiratsa usnatzen da: batzuk baltsan ariko diren artean, besteek lokatzean eta balen azpian ihalauska urrentzeko aukera baizik ez dute ukanen. Tragedia hutsa, aldi honetan ez baita salbamendu barkurik geratuko hirugarren mailako herritarrontzat.