Itxaro Borda

Tragedia

2025eko ekainaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pasa den igande goizean, gure irratiek jakinarazten ziguten Trumpen armadako hegazkinek, gauean eta AEBetako Kongresua kontsultatu gabe, Iraneko hiru nuklear gune bonbardatzea lortu zutela. Eskua aho aitzinean pausatu genuen harriduraz eta behar bada beldurrez ere, ekialdeko oreka ahula zalantzan ematen bide duelako gerla ekintza horrek. Presidente harroa ikusi genuen gero Iran herrialdeko buruzagi erlijiosoei «bakearen edo tragediaren» artean hauta zezaten galdatzen. Irudietan, halaber, Netanyahu agertzen zitzaigun Trumpen balentria txalotzen.

Beren erabaki-kabinete sofistikatuetatik atera gabe, bi arduradun hauek joko birtual batean ari direla uste dukete. Oreka baino desoreka hobe dela diote eta eskualde guzietan milaka jendek sufritzen dituzte petrolioaren prezioa gora atxikitzeko eta Gaza zein Zisjordania kartetatik ezabatzeko borondate militar biolento hauen ondorioak. Baina ezagutzen al dute Iran? Orienteko laborategi politikoa izatearen fama dauka. Betidanik. Iran esnatzen baldin bada Israelen etorkizuna zalantzan egon liteke, Tel Aviv ez baita, Kristo aurreko 480 urtean, Darius geldiarazi zuen Termopilak izeneko atea bezain indartsua. Ala bai?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.