Betidanik horrela izan da. Muturretako alderdi politikoek, bereziki eskuinekoek, herritar apalenen eta pobreenen minak eta saminak erabiltzen dituzte boterera heltzeko. Urratsa konplitu eta berehala herrialdeetako ehuneko bat aberatsenaren aldeko politikak eramateari ekiten diote.
Hori da gertatzen ari dena Frantziako herri hauteskundeen ondotik, RN alderdiko bi buruzagiek, gure film beltz kutunetako polizia onaren eta polizia txarraren paperean, ur hotza eta ur beroa isurtzen uzten dute beren bozkatzaileen bizkar gainera, aldizka, burtzororaino. Le Pen andereak errepikatzen du: ez da ezkerrekoa, ez da eskuinekoa, sistemak ahanzten eta mespretxatzen dituen herritar arrunten abaro kuttuna baino.
Sedukzio politikoa bideratzen duten diskurtsoen arabera, herrietako zerbitzu publikoak defendatuko dituzte, eta denbora berean, boterearen giderrak hartu orduko, lege kolektiboen desarautzea, lan denbora luzatzea eta aberatsenen aldeko zergak apaltzea baizik ez dute aitzin-ikusten. Irabazteko bidean, mamu soziala ile alde eta ile aurka ferekatu behar dutela badakite…