Japoniak asko interesatzen gaitu. Bidenabar, zutabe honetaz baliatzen naiz bekaizki, Hide, Sho eta Kazuro adiskideak agurtzeko. Jendetasun zereginak konpliturik, hauxe erants dezaket: Japoniak bidea irekitzen digu maila askotan eta ez bakarrik behialako Doraemon katu-robotaren figuraren itzaletik. Europan bezala, han ere demografiaren piramidea buruz behera daukate: gaztea gutxiago, adineko gehiago, bertako zeremonia batzuk lanjerean emateraino, haurren ohidurazko besta den Shichi-Go-San eguna adibidez.
Ospakizun berezi horretan haurren hiru, bost eta zazpi urteak goraipatzen dira. Umerik aski ez izanki, txakurtxoak eta katuak kimonoz janzten dituzte eta ohoratzen, ur xuxurla eta intsentsu ke artean. Haur irrien ordez, abere horien miauka eta zaunka diskretuak entzuten dira... Bistakoa denez, ez dabiltza Labritak eta Pirinioetako piztiak benedikatzen! Purifikazio errituak bete ondoren, argazkitan hartzen dituzte Shinto santuarioen harmailetan eta otoitzak eskaintzen dizkiete.
Egia da, funtsaren funtsean, ez dela txakurrak eta katuak bezalakorik gizakiri konpainia egiteko...