Pasa den larunbatean, Züzülü elkartetik jalgitzean, lagun batek eta biok, irri egin genuen gizon batek «urik ez baldin bada edan ezazu garagardoa» zeramalako idatzirik bere atorraren zurian. Txantxa merkea egia erran, baina errealitate zerbaiti dagokiona: alabaina, iragan astea eta sine die, Euskal Herri barnealdeko hainbat herritan ura erabiltzeko orduan murrizketak iragarri ditu Paueko prefeturaren komunikatu batek.
Hamasei herri aurkitzen dira zerrenda horretan, Oragarre barne. Lehen aldia da hain goizik hartzen direla antzeko neurriak: baratzeen eta kirol guneen ureztatzea mugatua da, autoen garbitzea eta igerilekuen arrada betetzea. Kostaldean halaber Urdazubi inguruan, Donibane Lohitzunen adibidez, hondartzetako dutxak eta hiriko iturriak, ondoko egunetan lehor geldituko direla jakinarazi dute. Ura gurbilki baliatzera gonbidatzen gaituzte, ezinbesteko ondasun kolektiboa delako kontzientzia izpirituetan txertatzen saiatuz.
Gure haur denborako Uharan errekastoa kasik lehor ikusi dut, ur hari mehar batek baizik ez zituela ibai erdiko harriak bustitzen: oi bihotz mina...