Azken hamarkada hauetan, urria arrosez janzten da, bularretako minbiziaren problematikaz jendea kontzientziatzeko. Herio-zio nagusietakoa da emakumeen artean, baina ez bakarrik, gizonek ere bularretako tumore horren ondorioak jasan ditzaketelako. Gehien eta errazen senda daitekeen eritasuna da aski goiz diagnostikatzen baldin bada bederen. Sentsibilizazio ekintza mediatikoak eramaten dira eta urrian lasterraldi herrikoiak antolatzen, mamografia kanpainekin batera.
Denek ezagutzen dugu piztia isil horren ahurrak plegatu emazte bat edo beste. Lagun hurbilak joan zaizkigu sufrikario handitan: ingurumenari lotua dirudien gaitz horrek zoritxarraren loteria ematen du. Dolorea iratzarri orduko beranduegi baita eta mastektomia da, bularraren ablazioa hots, metastasien geldiarazteko modurik eraginkorrena, nahiz eta bularrik gabe, emazteak bere burua ez duen hain desiragarri sentitzen… Anartean, mediku ibilbideak errespetatzea eta bularrak noiztenka palpatzea dira egitekorik finkoenak, nahiz eta ez duten guziz segurtatzen mamuaren atzamarretatik libratzea lortuko dugun.