Itxaro Borda

Xake mate

2025eko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nahiz eta eskalapoi baten pare ari naizen, xakean jostatzea maite dut. Denbora ziztuan pasatzen zait semetxiekin lehian. Etxean nuen egur landuzko jokoa oparitu diet duela gutxi. Nik, mugikorrean xake aplikazio bat instalatu dut, aspertzeko astia dudanean erabiltzeko, trenean, topoan edo T1 autobusean nabilenean. Bilobek irabazten didate beti, batzuetan ederki eta abilki engainatzen nautela biek, txikiak eta handiak. Galtzen dudan arren, jokoaren burumuin karruskatze une hori plazer hutsa dela deritzot.

Afganistango herritarrek ez dute gehiago zorion hori partekatzen ahalko, talibanen botereak xakea debekatu berri duelako herrialdeko ostatu eta leku publiko guzietan. Ohiturak moralizatze aldera hartu omen dute erabaki hori, xakearen aitzakian parioak eta borroka partida latzak egiten zirelako nahasmendu publikoak sortuz. Emazteek jadanik eskubide izpirik ez dute Afganistanen, NBE mailan genero apartheid gisa identifikatzen duten ekin larriaren ildotik. Emazteen dretxoen ezeztatzeak txalotzen dituenak bereak ere zalantzan direla jakin beharko luke: xake mate mundu osoko talibanei...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.