Trumpek munduari sinetsarazi nahi lioke Txinako bere azken bisitatik irabazle itzuli dela, baina ez omen dute amerikarrek salmenta-tratu askorik izenpetu eta gainera politika-lezio ederra hartu du Xi Jinpingen ahotik. Trump mehatxuka ari zitzaion unean, Xi Jinpingek duela 2.400 urteko Greziako Atenas eta Espartaren arteko lehiaren ondorioak oroitarazi zizkion: Esparta Peloponesoko estatu militar nagusia zen orduan, baina ez zion borroka betean gaina hartuko zion Periklesen Atenasi kasurik egin, honek ere Greziako botere orokorraren partea nahi zuelarik. Ez dakit zer ulertuko zuen planeta deblauki ustia dezakeela uste duen Donald gaizoak, ahoa zabalik gelditu zelako Xi Jinpingen agerpenaren aitzinean! Obserbatzaileek puntu horri Tuzididesen zepoa deitzen diote, indartzen doan ustezko ahulenak puxantena desafiatzen duelarik, gerla ekidinezina dela idatzi baitzuen Tuzidides handiak.
Hauxe ere bukatzeko: hainbat aldiz etxez aldatu arren, Tuzididesen Peloponesoko gerla liburua nirekin daramat, Atenas eta Espartaren arteko pataska mitikoek hunkitzen nautelako beti.