Itxaro Borda

Zero gradua

2026ko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hasiak dira frantses egunkariak Macron presidentearen hamar urteko ekimen politikoaren bilanak egiten: pinpirin burugabe baten antzera ibili da, irri hemen, laido han, eta hala segituko du datorren maiatza arte, sinesten duela berak ere nazioartean sakon eragiten duela! Baina ez, politikaren zero gradura eraman du jada ahultzen zihoan demokrazia. Hondar labankadak eman dizkio, ezkerra porroskatuz, eskuina bananduz eta ororen gustuko, eskuin muturrari Eliseoko zein Matignoneko xenda azpatu eta esku zabalki irekiz.

Noizbait eginen dugu hamarkada honetan herritar zaurgarrienek galdu dituzten eskubideen zerrenda. Defizitak areagotu ditu arraiki arazo guziak sosez konpontzen bailiran, boterera eraman zuten enpresaririk aberatsenen funtsak babesteko xedea fermuki bideratuz hargatik. Azken hauen baliabide ekonomikoak hirurkatu dira, jende arruntarenak lazki murriztu diren bitartean!

Aurreko presidenteek bazuten, gutxi edo aski, interes orokorraren zentzua, Macron narzizikoak berea eta bere antzeko dirudunena baizik ez du ikusi hamar urteotan. Horixe da egiarik biluziena...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA