Duela berrehun eta berrogeita hamar urte Baionan ere ospatu zen Ipar Ameriketako Estatu Batuen independentziaren berria. Lafayette bizpahiru aldiz pasatu zen gure hiritik, diru ala laguntza bila zuzen ez dakigu, menturaz biak!
Herrialdeak festa handiak antolatu ditu Trumpen gidaritzapean. Hego Dakotako Rushmore mendiko harrian zizelkatu bost buruzagien ondoan bere muturra jartzea amesten duke politikari iliberalak. Baina miliardunaren adierazpen suminduek ez dute Amerikak gu guzion baitan sortzen duen ilusioa sustatzen: komunismoaren arriskuaz mintzo da, munduko nazioen artean edozein preziotan lehen izateaz, Mexikorekiko horma erraldoia eraikitzeaz... Presidentea, etengabeko hauteskunde kanpaina batean balebil bezala.
Klima-eszeptikoak urtarazteko beroa egiten du AEBetan egun hauetan. Ez da arrazoi bat Trump eta beraren antzeko immigrante europarrak, urte gutxitan sarraskitu zituzten amerindioei ebatsi espazioetan errotu zirela ahanzteko. Aitor dezadala, niretzat Amerikak, Trump eta bere lakastak baino, Thelma eta Louise direla... ahaztezinak!