Itxaro Borda

Zuhaitzaz

2025eko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako herriko kontseiluan honen finantzamenduari buruzko kalapitak sutu eta itzali ondoren, mediateka berrituaren aitzineko plazan Zigor artistaren Ezagutzaren zuhaitza eskultura erraldoia landatu da. Hiru metro eta berrogei zentimetroko goratasuna du, eta bi tonako pisua. Kepa Akixo adiskideari, eternitatea amets duen brontzez egina ere dela errepikatzea laket zaio. Sormin urri baten lekuko izan ginen, apezpikua haatik ez zela bere tegitik ateratzen ahal.

Irungo Jaizkibel tailerrean moldatu obra hau espresuki egina da argia gatibatzeko, jakintzak eta ezagutzak, gure garun ilun eta akituak argitzea lortzen dituzten bezala. Uroboros antzera bildu arbola horren abarrek, gainera, elkartasunaren ideia laburbiltzen digute: badugu zer ikasia! Eta lurrean errotu orduko, distiratzen eta inguruarekin solastatzen hasi da. Makina azantzen eta xuxurla humano harrituen erdian, pentsatu nuen nirekiko, haurrek jostatzeko, maitaleek besarkatzeko edo bakartasunari indar emateko leku berri bat badugula hiri honetan. Eta horrek on egin zidan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.