Pantaila bidezkoa da eskualde batzuekiko dudan harremana. Adibidez Kataluniarekikoa. Urtean zehar TV3 eta 3CAT plataformak ditut nire ustezko bizitza intelektualaren iturri. Dena ikusten dut: El Foraster, Polonia, Crims eta Ricard Ustrellek larunbat arratsetan aurkezten duen Col.lapse askotarikoa. Horrela maite dut nik Katalunia, urrunetik. Egia erran, 2017ko urriaren leheneko Carles Puigdemonten balentriak epikotasun zerbaitez jantzi zuen herrialde hau, euskaldunon eredu politikoa bihurtzeraino.
Aste honetan zehar, haatik, Oloten nago literatura-zale talde batekin, nire praktikak hobetze aldera. Kideekin, eta hirira jaisten naizenean, katalana erabiltzen dut, duela zenbait urte hitz egiterako jauzia Garrotxa honetan bertan egin nuelako. Jatetxe edo dendetan sartzean, iruditzen zait beti, egiaren orduak joko duela niretzat, nabarituko dutela zein eskasa naizen, nondik natorren, zuzenduko nautela, gaztelerara pasatuko direla efikaziaren izenean. Baina ez… nahiz eta ene katalana Montsacopa sumendiaren burbuila itsuaren parekoa den, bereziki Oloteko goizak sutan altxatzen direnean: m’agrada molt.