Ez zen oso fin ibili igandean Bizkai Buru Batzar berriko lehendakari Iñigo Ansolak EH Bildu barruko indarren arteko tirabirei egotzi zienean koalizioak Ertzaintzarekin daukan jokabidea: «Koalizioaren barruko tentsio hori baretzeko azaltzen da EH Bildu Ertzaintzaren kontra behin eta berriro». Ansolak esandakoa benetan sinesten badu, oso gutxi daki —Ertzaintza dela eta— herri honetan azken urteotan gertatzen ari denaz.
Gaur egun Eusko Legebiltzarrean dauden alderdietatik, Voxek bakarrik proposatzen du Ertzaintza —eta autonomia osoa— kentzea. Beste guztiak Ertzaintzari eustearen aldekoak dira, bakoitza bere ereduarekin eta bere ñabardurekin. Bada printzipio bat demokraziak berezkoa daukana, hau da, herritarren eskubidea administrazioa kritikatzekoa, eta hori egin du EH Bilduk azken bi asteotan; ez gehiago eta ez gutxiago. Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak berak onartu zuen joan den astean elkarrizketa batean zilegi dela Ertzaintzaren jardun batzuk kritikatzea.
Ansolaren hitzetatik ondorioztatzen da Azpeitiko eta Gasteizko istiluen eta Hernaniko pintaketen atzean Bilduko kideak daudela. Zer elementu dauzka Ansolak hori iradokitzeko, nabarmena denean ez dela horrela?
Ez da izango —EAJk Bildurekin hegemoniagatik daukan lehian— beste batzuek hautsitako platerak ordainarazi nahi dizkiotela EH Bilduri?