Amarru zaharra da azken urteotan gero eta hegaldi konpainia gehiagok egiten dutena: tiketa merke jarri eta, ondoren, salneurria igotzen joan hegaldi berean zerbitzu gehiago kontratatzen ditugun heinean. Urruti geratu dira hegaldi motzetan konpainiek laranja zukua edo kafea eta fruitu lehorrak doan ematen zizkiguten garaiak. Aitortu beharra dago gosaritxo hura doan zenean ia bidaiari guztiok —zutabegile hau aurrena— hartzen genuela; eta orain, aitzitik, gosari beragatik ordaindu behar denean, ia bidaiari guztiok —horretan ere zutabegile hau aurrena— ezezkoa ematen diegula hegazkinaren korridore estuan karrotxoarekin aurrera eta atzera dabiltzan hegazkineko laguntzaileei.
Hegaldi konpainiak ezertan tematzen badira, eskuko maletak kobratzen tematzen dira; ez dute amore ematen, ezta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak 2024an eman zuen ebazpena gogoratzen diegunean ere. Magistratuen aspaldiko erabakiaren arabera, abusua da tamaina estandarra edukita hegazkinaren kabinako goiko armairuetan sartzen den maleta bategatik diru gehigarria ordainaraztea.
Konpainiek entzungor egiten dute, eta gehigarria kobratzen segitzen dute. Europako Kontsumitzaileen Erakundeak zazpi hegaldi konpainia salatu ditu Europako Batzordean, magistratuen ebazpena betetzen ez dutelako.
Uda dator, prestatu dirua maletagatik ordaintzeko.