Udazken animatua edukiko du Eusko Legebiltzarrak, eta, ematen duenez, euskara izango da animatzailea. Euskara gaztelaniaren azpitik jartzen duten ebazpen judizial etsigarriek —asko ari dira metatzen azken urteotan— mugitzera behartu ditu euskarari, poeta baxenabartarraren hitzetan, «behar duen tornuia» eman nahi dioten EAJ eta EH Bildu. Bakoitzak bere proposamena aurkeztu du, Bilduk duela egun batzuk, eta jeltzaleek atzo.
EAJren proposamenak, formengatik, emango du hizpidea hurrengo asteotan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde nagusietan gobernukide dituen sozialistekin adostu gabe aurkeztu duelako Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa. Saiatu dira nonbait, baina ez dute lortu; anduezatarrak oso eroso baitaude «eztabaida badago, lehendabizi lana lortzeko eskubidea, eta ondoren hizkuntza eskakizuna» kontzeptuan. Ez dute hortik mugitzeko asmorik.
EH Bilduk nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra bultzatuko du; EAJk, aldiz, erakunde bakoitzaren esku uzten du eskakizuna ezartzea eta nolakoa izango den.
Oraingo legeak ez dio euskarari nahiko babes ematen, eta hor dago giltza. Lege berria behar du euskarak, babes emailea, 2025ekoa, ez 1982koa. Esan dezala gero Auzitegi Konstituzionalak nahi duena.
Norekin adostuta eman nahi dio EAJk euskarari behar duen tornuia legebiltzarrean? Bildurekin? PSErekin?