martxelo otamendi

Filtrazio interesatua

2024ko martxoaren 2a
05:00
Entzun

Nola daki Villabonako zinegotzi jeltzale batek Tolosako inauterietan ertzain batek bota zuen foamak ez zuela zuzenean jo gaztearen begian, eta aurretik beste pertsona baten besoan jota, errebotez, iritsi zitzaiola foama begia galtzeko arriskuan egon den gazteari? Gardentasuna iragarri zuen auzi honetaz Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu Josu Erkorekak. Horrenbesterainoko gardentasuna zinegotzi jeltzale batek jakiteko beste inoren aurretik (ustez) zer jazo zen?

Jazoera hartan Ertzaintza errugabetzea helburu edukiko zuten filtrazioak egongo ziren beldurra baieztatu da asteon, Villabonako udalbatzarrean eta komunikabide batzuei emandako informazioarekin. Betiere filtratu dena kontuan hartuta, nola geratu zitzaion besoa foamaren lehen kolpea jaso zuenari, besoan jo eta gero —indarra galduta noski— horrenbesteko kaltea egin bazion begian gazteari? Inon artatu al zuten beso misteriotsu horren jabea?

Eta nola dakite gaztearen begian jo zuen foamak aurretik beste baten besoan jo zuela? Foama bota zuen ertzainak ikus lezake zehatz, erdi argituta dagoen kalean eta 50 metrotara, foamak —doan abiaduran— lehendabizi baten besoan jotzen duela, eta berehala beste baten begian?

Ez dute lan handirik edukiko auzi medikuek eta perituek alde bateko bertsio zuritzailea gezurtatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.