martxelo otamendi

Israeli balak erosi euskaldunon diruarekin?

2025eko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Trebetasun ikaragarria —eta sendaezina, itxura guztiaren arabera— dauka Espainiako Gobernuak astero putzu politiko batean sartzeko. Batetik atera baino lehen sartu da beste batean.

Espainiako Gobernuak hamabost miloi bala erosteko kontratua egin du azken urte eta erdian 60.000 palestinar hil dituen Israelekin. Israel isolatzeko prest zeuden Europako diplomaziek osatutako taldearen buruan jarri, Palestina estatu gisa onartu —nahiz enbaxadarik ez ireki—, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu gerra kriminala izateagatik Nazioarteko Zigor Auzitegian salatzen lagundu… Horiek guztiak egin eta gero, nola liteke gobernu horrek sei milioi eurorekin finantzatzea Israel Palestinan egiten ari den sarraskia?

Espainiako presidente Pedro Sanchezek esan zuen bete egingo zituztela Hamasek Israel hegoaldean sarraskia egin aurretik gerra materiala erosteko Israelekin egindako kontratuak, baina ez zuela kontratu berririk egingo. Filtratu denez, Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak agindu du balak erosteko hitzarmena Israelgo enpresa batekin, Sanchezi eta Sumarreko gobernukideei aurretik jakinarazi gabe; gobernuan krisi latza sortu da. Horrela bada, bilbotar magistratu ohiak etxerako bidean egon behako luke.

Bertan behera utzi dute erosketa. Sei milioi horien %7,8 Hego Euskal Herriko herritarrek ordainduko genuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.