martxelo otamendi

Mujica gabe, ezkerra umezurtz

2025eko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hil berria den Jose Mujicak ezkerreko buruzagi askok eduki ez duten dohain bat zeukan: ezkerrekoak ez zirenetako askok gustukoak zituzten haren esanak. Hain ederki adierazten zuen politika zer zen, hain modu logikoan azaltzen zuen ezkerreko pentsamendua, oso zaila zen ados ez egotea.

Hala ere, zer pentsatzen zuen adierazteko zerabilen modu atsegina ez da sekula oztopo izan bakoitzari bere izena jartzeko, zapaltzaileari zapaltzailea esaten baitzion Mujicak. Jardun politikoa, gerrillari tupamaroa izan edo estatuburu izan, besteei eskainitako zerbitzua zela erakutsi zigun, lelo horretatik batere urrundu gabe. Umezurtz utzi du ezkerra.

Ez zuen batere erreparorik eduki kritikatzeko ezkerrekoak zirela esan baina agintekeriazko jokabideak erabiltzen dituen Hego Amerikako buruzagi bat edo beste.

Hainbat komunikabidek Mujicaren heriotza lantzeko eduki duten jarrerak beste behin erakutsi digu urrutiko terroristak «gerrillariak» direla, eta gertuko gerrillariak «terroristak». Zergatik da Mujica «Uruguaiko diktaduraren aurka borroka egin zuen gerrillari tupamaroa», eta Franco diktadorearen aurka egin zutenak «terroristak»?

Alegia, Ajuriaeneko Itunaren printzipio eztabaidaezinak —«inongo proiektuk ez du indarkeria justifikatzen»— aplikazio lokalekoak zirela, eta ez, gezurretan esan zigutenez, unibertsalak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.