martxelo otamendi

Sinn Fein eta irlandera

2024ko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Martin McGuinness Hezkuntza ministroa izan zen Ipar Irlandako Gobernuan 1998tik 2002ra arte, irlanderaz jakin gabe. Gerry Adams Sinn Feineko lehendakari izan zen 35 urtez, eta maila ertaina dauka, baina beti saiatzen da erabiltzen. Lehen ministro aukeratu berri duten Michelle O’Neillek oso maila baxua dauka, kargua hartzean irlanderaz esaldi bat esan duen lehen ministro bakarra izan da, nahiz akats potolo bat egin zuen irlanderaz esan zuen esaldi bakarrean. Mary Lousie McDonald, Dublin ondoko herri batean jaioa, Sinn Feineko lehendakaria da 2018tik; Adamsek baino hobeto egiten du, baina zailtasuna dauka jariotasunez hitz egiteko.

Sinn Feinek bost kide dauzka gobernu berrian: lehen ministroa, hiru ministro —Ekonomia, Finantzak eta Azpiegitura— eta bigarren mailako ministro bat. Ekonomiakoak zer edo zer badaki, eta beste biek, ezer ez. Irlanderaz primeran dakien bakarra bigarren mailako ministro da, irlanderazko eskolan egin zituelako ikasketak. Atzera egin du Sinn Feinek horretan, aurreko Finantza ministroak oso ondo egiten zuelako.
Ipar Irlandako herritarren %12k bakarrik dakite irlanderaz, 2021ean egindako inkestak dioenez. Etxeko lanak azkar egin beharko ditu Sinn Feinek, irlanderaren aldeko diskurtsoa sinesgarri izango bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.