Zer gertatzen ari da Frantziako Ekonomia Ministerioan urtearen hasieratik hamahiru langilek bere buruaz beste egiteko? Ministerioaren arduradunek jazotzen ari dena azaltzeko arrazoi bat baino gehiago eman duten arren, ez da oso gaizki pentsatua izan behar ondorioztatzeko heriotza horiek badutela zerikusi estua lanlekuan dagoen exijentzia giroarekin. Ministerio horretan hamahiru langilek bere buruaz beste egin dute sei hilabeteotan, eta beste horrenbeste saiatu dira egiten.
Okerrena da, ordea, heriotza horiek ez direla bakarrik aurtengo fenomeno bakandu bat. Urteotan, ministerio horretan joera bihurtu dira mota horretako heriotzak. Urtero ari dira gertatzen: hemeretzi izan ziren 2012. urtean. Arduradunek nahi dutena esango dute, baina urtero gertatzen badira, egiturazko arazo itzela daukate lan egiteko moduan, antolaketan, exijentzia mailan, lan harremanetan... onartezina delako, ostrukarena eginez, heriotza horiek normaltzat jotzea. Handia da erakunde publiko horren kudeatzaileen ardura, baita penala ere.
Aurrekari interesgarriak badaude Frantzian bertan. Gaurko Orange telekomunikazio enpresa pribatua estatuko France Telecom zen 2007 eta 2011 urte bitartean hemeretzi langilek bere buruaz beste egin zutenean. Orduan legea leuna zelako, enpresaburuak lau hilabete bakarrik igaro zituen espetxean.