Bukatu da Gernikan Euskal Pilotako Nazioen Liga, 2026an Argentinan jokatuko dituzten Munduko Txapelketetarako zesta-punta modalitatean sailkatzeko balio izan duena. Egun gogoangarriak izan dira, urte askoan jende askok egin duen lan gogorraren ondorioz, aurrenekoz ikusi dugulako Euskal Pilotako Euskal Selekzioa modu ofizialean jokatzen. Ikusi besterik ez dago nola zeuden Gernikako frontoiko harmailak.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako puntistek aukera izan dute euskal selekzioarekin edo Espainiarekin jokatzeko. Ez da aukera neutroa izan, aldagai dezente sartu direlako erabakian: euskal selekzioarekin jokatu nahi izan eta aukeratua ez izatea eta, ondorioz, Espainiakoarekin jokatzea, Espainiakoak emandako sariak…
Garrantzitsuena da, eta horretan zentratu beharko genuke eta ez horrenbeste Espainiarekin jokatu duten euskal puntistengan, euskal selekzioak jokatu duela modu ofizialean. Horrek balio du, eta asko, ate astunaren maratila irmoa mugitzen hasi delako.
Gogorra izan zen Espainiako selekzioarekin irabazi zuten euskal puntistak podiumean zeudela txistuak entzutea, nahiz eta askoren kasuan txistuak Espainiako ereserkiari egin eta ez zuzenean puntista espainiarrei.
Espainiari puntista euskaldunak nola lapurtu, hori da erronka. Saihestu beharko genuke txistuek aurkako erreakzio itzulezina sortzea pilotari horiengan.